Australia erdialdeko basamortu idor eta itzelaren bihotzean, aborigenen
«ametsen lurraldearen» erdian altxatzen da, Unescok 1987an Gizateriaren Ondare
izendatu zuen Anangu herriaren jainkotegia gordetzen duen haitz gorri
sakratua www.cyberpadres.com/articulos/sidney/aborigenes.htm
orriaren arabera. Uluru izan da beti mendi sakratutzat eta unibertsoaren
zilbortzat daukaten bertako aborigenentzat, baina 1873an, Outback bezala
ezagutzen den Australiako basamortuko lurralde elkorra esploratzen ari zen
Willian Gosse-k monolito gorriarekin aurrez aurre topo egin zuenean, Ayers Rock
bezala bataiatu zuen, garai hartan Australiako lehen ministro zen
HenryAyersjaunarenohorez, http://www.mundoaventura.com/esp2/home.asp?tip=art&ida=7&idart=5543&tab=3
orrian irakur daitekeenez.
Alice Springs-etik 450 kilometrora, bertaratu baino 50
kilometro lehenago ikusten da amaigabeko lautada gorriaren erdian altxatzen den
hareharrizko haitza. Munduko monolito handienetakoa dela dio http://libertalia.iespana.es/libertalia/uluru1.htm
orriak. Airetik bihotz itxura duen 348 metro altuerako haitzak 4 kilometro baino
gehiagoko diametroa eta 9,5 kilometroko zirkunferentzia du, lur gainera bere %5
besterik azaleratu ez den arren. Horregatik ematen dio hainbat jendek
«Australiako bihotza» ezizena, www.tierratragame.com/reportajes/uluru3.html orriaren arabera.
Izen bereko Parke Nazionalean dago eta bere gailurretik
handik 25 kilometrora dauden eta 546 metroko altuera duten Kata Tjuta edo «The
Olgas» izenaz ezagutzen diren 36 harrik osatutako multzoa ikus daiteke. Ulurutik
12 kilometrora dagoen Yulura herrixka da parkeko bisitarien harrera-gunea eta
haitza ezagutzeko ibilbideen abiaburu egokiena, www.rumbo.es/guide/es/oceania/australia/sitios.htm orrian diotenez.
Etengabeko kolore aldaketak dira ezaugarri deigarriena.
Izan ere, egunsentian gorrizta bada, ilunabarrean arrosa kolore leuna hartzen du
eta euria ari duenean gris-beltza bilakatu daiteke, eguzkiaren altueraren
arabera edo atmosferak bere izpiak nola iragazten dituenaren arabera, http://web.jet.es/pepebcn/aussie/uluru.htm orrian azpimarratzen denez. Horrez gainera, zenbait leize-zulo, haitzarte, arroil, landaredia eta aborigenen pinturak gordetzen dituzten leize eta hormak hartzen ditu, eta itzalek ere ikuspegi deigarriak sortzen dituzte.
Duela 550 milioi urte inguru, Kanbriar aroan, gaur egun
Amadeus lakuaren arroan azaleratzen diren materialen emertsio eta tolesdura eman
zen. Petermann Orogenia bezala ezagutzen den gertaera honek higadura prozesu
bortitzak eragin zituen, eta gerora Uluru eta Kata Tjuta haitzak izango ziren
hareharri arkosikoak eta konglomeratuak arroa alubial lodietan metatu
ziren, http://platea.pntic.mec.es/~rmartini/uluru.htm orrian
jakinarazten denez. Denborarekin, higadurak berdindu zituen mendiak eta
hareharrien gainean buztin eta lokatzak metatu zituen sakonera gutxiko itsasoak
estali zituen. Duela 400 milioi urte 100 milioi urte iraun zuen tolesdura,
haustura eta igotze aro berri bat hasi zen, Alice Springsko Orogenia, eta
lehengo arroa alubialak sortu zituzten hareharri eta konglomeratuak bortizki
tolestu ziren, jatorrian horizontalak ziren geruzak bertikal bihurtuz.
Australiako kontinentearen azaleratzeak higadura prozesuak indartu zituen,
konglomeratuak estaltzen zituzten haitzak birrinduz, apurka-apurka. Konglomeratuak hauskaitzagoak izatean, inguruak baino altuera handiagoa hartu zuten. Egitura hauei Mendi Uharteak deitzen zaie geologian eta Uluru da horren adibide ezagunena.
Inguru honek garrantzia kultural eta izpiritual handia
du bertako aborigenentzat. Beraiek nahiago lukete beraientzat sakratua den leku
honetara inor ez balitz hurbilduko, baina zaila da hori lortzea inguru guztia
bisitariak hartzeko prestatuta dagoenean eta bai haitza nola ingurua hain
ikusgarriak direnean. Bertakoentzat, ametsen lurraldean sortzen da mundua eta
«topagune» da Uluru hitzaren esanahia beren hizkuntzan, www.netcom.es/goanna/_goanna98/uluru.html orriak dioenez.
Jendea, landareak eta animalien arteko harremanetan eta
paisaiaren egitura fisikoetan oinarritzen da Anangu herriaren kultura. Elementu
hauen arteko harreman konplexuak Tjukurpa izenpean biltzen diren tradiziozko
legeen multzoaren bidez uler daitezke, eta aldi berean iragana, oraina eta
etorkizuna ulertzeko giltzarria da. Areago, paisaiak arbasoen jakinduria
gordetzen duenez, arbasoak paisaiaren parte direnez, nahiago lukete beraien
hizkuntzan «inurri» deitzen digutenok beraien inguru sakratua errespetatuko
bagenu, bertara joan eta argazkiak egiteari ere uko eginez, http://joseluisfdez.eresmas.com/wandjina.htm orrian jasotzen denez.